2015(e)ko abuztuaren 24(a), astelehena

AURRESKUA

URTE AUNITZEZ, BIZIRIK IRAUN DUEN OHITURA ZAHARRA DA BERAKO AURRESKUA
Dantzak, irriak, musika alaiak...  biltzen ditu Berako aurreskua edo Sokadantza izenburu bezala duen abuztuaren 3an ospatzen den ohitura zaharrak.


Denak dakigu, Beran milaka ohitura ditugula. Denak bereziak dira, bakoitza bere erara, zingar-arraultzea, Olentzero, Iñude eta artzaiak, glin-glan, Dios te Salve-a, Berako aurreskua… Azken hau nabarmena da. Nork esango zuen gure arbasoek sortu eta egiten zuten ohitura zahar honek hainbertze urte iraungo zuela? Ez al da harrigarria?

Ohitura hau, abuztuaren 3an egiten da, zehazki, Berako bestetako San Esteban egunean. Goizean du hasiera, eta egun guztia dantzan, ostatuz ostatu parrandan, eta hainbat otordu egin eta gero, arratseko hamabietan du amaiera.
Egun gogorra izaten da, aurreskuaren tradizioaz gain, bordon dantza, makil-dantzak, eta hainbat kalejira dantzatzen baitira. Aurreskua zehazki arratsaldeko seietan dantzatzen da, Berako plazan, herriko etxeari begira.
Jantzi dotoreak janzten dituzte: Alde batetik, neskek pololo zuriak zinta gorriarekin ipintzen dituzte. Berako bolondres batzuk eskuz egindako gona zuri luzeak, harizko ator zuriak, eta korpino zuriekin batera. Osagarri bezala, painulu gorri bat eskuinaldean edo eskuan zintzilik eramaten dute, eta larrosa gorri bat ezkerraldean. Ilea moño batean bildua, eta perlazko belarritakoak apaingarri bezala. Beste aldetik berriz, mutilek, eskuz egindako harizko galtza zuriak, harizko atorrak, eta  faja gorria eramaten dute. Osagarri bezala, painulu portugesa, eta boneta gorria janzten dute. Kapitainak aldiz, boneta xuria ipintzen du. Bai mutilek, baita neskek ere, Berako bestetako espartzin zuriak eramaten dituzte, zinta gorriarekin.
Bikoteak hautatzeko, neskei ematen zaie aukera, hau da, neskek eskatzen diete mutilei beraien bikotea izatea. Baina horretarako, aspalditik betetzen diren baldintza batzuk bete behar dira: Zure bikotea ezin da familiakoa izan, ezta zure mutil-laguna ere. Horrez gain, bikoteak ezin dira errepikatu.
Goizean ematen zaio tradizioari hasiera. Hamarretan, San Esteban eguneko meza egiten da, eta bertan, dantzari heldu guztiak elkartzen dira, udal korporazioari arkua egiteko. Ondoren, bi kapitainak eguneko lehen agurra dantzatzen dute, elizan bertan. Meza bukatzen denean, herriko plazan biltzen dira Gure Txokoa elkarteko dantzari guztiak. Bertan, bandera-dantza dantzatzen dute, eta jarraian, Gure Txokoako dantzari txiki nahiz handiek, Berako hamar makil-dantzak eskaintzen dizkigute. Lehengo urtean lehenengo aldiz, neskei dantzatzeko aukera eman zitzaien. Goiz “mugitu” hau eta gero, bakoitza bere familiarekin bazkaltzera joaten da.
Arratsaldeko plana berriz eguerdiko hirutan hasten da. Neska guztiak, txistulariak, eta mutil kapitainak, neska kapitainaren etxean elkartzen dira kafea hartzera. Bertan daudela, larrosa gorri bat janzten du neska bakoitzak. Arratsaldeko seiak iristen direnean, neska kapitainaren etxean dauden dantzari guztiak, txistularien musikaren laguntzaz, kalejiran joaten dira herriko plazara ailegatu arte. Bertan, hainbat dantza dantzatzen dituzte, baina orokorrean dantza multzo horri, aurreskua deitzen diogu. Ordu erdi bateko kontua izaten da, eta amaitzean, ostatuz-ostatu ibiltzen dira parrandan, kalejira, fandango, eta hainbat arin-arin dantzatuz.
Gauean bukatzen da dantzaz, irriz, eta ohitura zaharrez betetako egun hau. Gaueko bederatziak aldera, Altzate kalera hurbiltzen dira dantzari guztiak, eta ohitura zaharrarekin jarraituz, larrain-dantza dantza herrikoia dantzatzen dute hainbat herritarrekin batera, gaiteroen musika laguntza bezala dutela. Ondotik, neska dantzariak, etxera joaten dira dutxatzera. Bitartean, dantzari mutilak, tarta bat erosten dute, baina tartak bi baldintza nagusi bete behar ditu: Arrai formakoa izan behar da, eta tartan bertan, neskaren izena azaldu behar da. Hau erosi ondoren, mutilak dutxatzera joaten dira. Gaueko hamarrak hurbiltzen diren bitartean, mutilak nesken etxera joateko prestatzen dira, bertan neskekin eta beraien familiekin, afaltzeko ohitura dago eta. Mutila neskaren etxean sartu aurretik, oinarrizkoa den arau bat dago: Neskak, ezin dio mutilari atea ireki, beste norbaitek ireki behar du atea. Mutila neskaren etxean sartu bezain laster, tarta, etxeko lekuren batean ezkutatu behar baitu. Afaltzeko prest daudenean, lasai ederrean esertzen dira mahaian, eta giro alaienean afaltzen dute. Afaltzez bukatu bezain laster, neskak tarta bilatzeari ekiten dio. Aurkitzen duenean, famili guztiaren artean jaten dute. Afari luzearen ondotik, dantzari guztiak herrian elkartzen dira, ostatuz-ostatu zerbait hartzeko asmoz. Tradizioari bukaera emateko, azkeneko baldintza bat dago: Neskak bere bikotearekin bukatu beharko luke eguna.
Dantzaz betetako egun luzea izaten da Beran Abuztuaren 3-a. Dantzak, irriak, musika alaiak...  biltzen ditu Berako aurreskua edo Sokadantza izenburu bezala duen ohiturak. Urtero-urtero aldatzen dira bikoteak, urtero-urtero izaten du zerbait desberdina tradizio zahar honek. Araolazak dioen bezala, “gizartea kostanteki eraldatzen doanez, ohiturak egungo gizartera eguneratu behar dira.”.

EGILEAK; EKHIÑE, IRATO L ETA MAIANA


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina